Publiko zabalari zuzendutako dantza ikuskizuna gaur Coliseoan

Publiko zabalari zuzendutako dantza ikuskizuna gaur Coliseoan
2015/10/02 eta kitto!

Dantzaz Konpainiak "Itzalak / Txoriak" ikuskizuna aurkeztuko du Coliseoan, gaur (barixakua, hilak 2) 20.30etan hasita. Dantzaz Konpainiaren ekoizpen honetan nazioartean ezagunak diren bi euskal musikari batu dituzte eta, horiekin batera Paolo Mohovich eta Josu Mujika koreografo ezagunen lana ikusteko aukera izango da: "Itzalak" lehen proposamenak Arriaga eta Mohovich elkartzen ditu eta, argia eta itzalarekin jolastuz, dantzariek gorteko amodiozko harremanak taularatuko dituzte. Eta "Txoriak" Josu Mujikaren piezak Mikel Laboaren unibertsoa arakatzen du: askatasuna, osasun mentala, erotasuna, bes­teekiko harremanak... Iñaki Salvador-ek egindako soinu piezak Mikel Laboaren kanturik esanguratsuenak batzen ditu, "ikusleak hunkitu eta harrapatzeko".
Ikuskizunak dantza garaikidea, era guztietako publikoari helarazi nahi dio. Adriana Pous-ek zuzenduta, dantzariak Jone Amezaga, Carmen Derré, Garazi Etxaburu, Valerio Di Giovanni, Axier Iriarte, Sune Klausen, Richard de Leyos, Agustin Martínez, Paula Parra, Nora Paneva, Josu Santamaría eta Rafke Van Houplines. Sarrerak 6 euro balio du.